2016/05/10

AGUAKE ARROILAREN JAITSIERA

DATA: maiatzak 22, igandea
TOKIA: Antoñana (Araba)
IRTEERA: 8:00
ITZULERA: 16:00
PREZIOA:
17,68 € - Amurrion erroldatutakoek
32,74 € - Erroldatu gabeek, beraien Udalek diru-laguntzarik eskaintzen ez badute


DESKRIBAPENA:

Arroila ederra da Aguake eta esparru natural ikusgarrian dago kokatuta gainera. Aukera paregabea arroila jaitsiera zer den modu dibertigarri eta seguruan ezagutzeko.

Oinarrizko jarduera da hau eta partaideek  3 erronka nagusiri egingo diote aurre: 12 metroko rappel bati, 4 metroko beste rappel bati eta bukatzeko 8 metroko txirrista jaitsierari. Hori guztia nola ez,  arnesa, soka eta kaskoekin behar bezala babestuta.  Ibilbidean zehar urez betetako putzu ezberdinak zeharkatuko ditugu, jauzi txikiak eginda eta igeriketan arituta.

Jarduera hasi baino lehen, arroila jatsiera egiteko erabiltzen diren materialak eta rappela ondo egiteko oinarrizko teknikak azalduko ditugu, baita arroila barruan zailtasun guztiak nola gainditu ere.

Lehengo rappela egin eta gero, Oteoko Errotak betetzen zuen funtzioa eta bere historia azalduko dugu. Era berean uraren balioa eta bere kudeaketa eraginkorraren garrantzia azpimarratuko dugu, partaideekin iritziak partekatuta.

Erreka barrura sartzerakoan, bertan bizi diren animalia eta landareei buruzko azalpenak emango ditugu, erreka eta ibaiak behar bezala babestearen beharra adieraztearekin batera.

Bukatzeko, segurtasunari dagokionez, arroila batera babes neurri guztiekin sartzeko jarraitu beharreko irizpide garrantzitsuak landuko ditugu, baita meteorologia eta hidrologiari buruzkoak ere.



2016/03/29

Multiabenturako argazkiak

Hona hemen Oron egindako Multiabentura jardueran ateratako argazkiak.

Egun oso politaz gozatzeko aukera izan genuen eta primeran pasa genuen gazte guztien artean.

Abentura eta kirolaz gure artean euskaraz eginez gozatzeko egun paregabea!.

Eskerrik asko guztiei!!!


2016/03/15

MULTIABENTURA ORO

DATA: Martxoak 20, igandea
TOKIA: Oro Andramariaren Santutegia (Murgia-Araba / Amurriotik 25 km.ra)
IRTEERA: 8:00
ITZULERA: 16:00
PREZIOA:
15,64 € - Amurrion erroldatutakoek
28,15 € - Erroldatu gabeek, beraien Udalek diru-laguntzarik eskaintzen ez badute

Deskribapena:
Partaideak 3 taldetan banatuko ditugu 3 jarduera ezberdin burutzeko, txandaka.

Eskalada: eskaladako materiala ezagutuko dugu; soka, arnesa, kaskoa, katu-oinak, magnesioa eta korapilo garrantzitsuenak.
Era berean, harkaitzean behar bezala eskalatzeko jakin beharreko kontzeptuak azalduko ditugu eta funtsezko mugimenduak landu.

Rapela: eskalatzeko eta rapelatzeko soken arteko ezberdintasunak aztertuko ditugu.
Rapelatzeko erabiltzen diren hainbat tresna ere erabiliko ditugu; 8a, saskia, Gri-gria, Stopa eta abar.
Hori guztia, segurtasun neurri zorrotzenak ezarrita, noski.

Oreka tailerra: oreka eta kontzentrazioa lantzeko hainbat tresna eta gailu erabiliko ditugu; Slackline-a, Rolla Bolla eta oreka taula desberdinak kasu.
Gailu bakoitzaren funtzioak eta horiekin lor ditzakegun mugimendu guztiak landuko ditugu.