2016/05/10

AGUAKE ARROILAREN JAITSIERA

DATA: maiatzak 22, igandea
TOKIA: Antoñana (Araba)
IRTEERA: 8:00
ITZULERA: 16:00
PREZIOA:
17,68 € - Amurrion erroldatutakoek
32,74 € - Erroldatu gabeek, beraien Udalek diru-laguntzarik eskaintzen ez badute


DESKRIBAPENA:

Arroila ederra da Aguake eta esparru natural ikusgarrian dago kokatuta gainera. Aukera paregabea arroila jaitsiera zer den modu dibertigarri eta seguruan ezagutzeko.

Oinarrizko jarduera da hau eta partaideek  3 erronka nagusiri egingo diote aurre: 12 metroko rappel bati, 4 metroko beste rappel bati eta bukatzeko 8 metroko txirrista jaitsierari. Hori guztia nola ez,  arnesa, soka eta kaskoekin behar bezala babestuta.  Ibilbidean zehar urez betetako putzu ezberdinak zeharkatuko ditugu, jauzi txikiak eginda eta igeriketan arituta.

Jarduera hasi baino lehen, arroila jatsiera egiteko erabiltzen diren materialak eta rappela ondo egiteko oinarrizko teknikak azalduko ditugu, baita arroila barruan zailtasun guztiak nola gainditu ere.

Lehengo rappela egin eta gero, Oteoko Errotak betetzen zuen funtzioa eta bere historia azalduko dugu. Era berean uraren balioa eta bere kudeaketa eraginkorraren garrantzia azpimarratuko dugu, partaideekin iritziak partekatuta.

Erreka barrura sartzerakoan, bertan bizi diren animalia eta landareei buruzko azalpenak emango ditugu, erreka eta ibaiak behar bezala babestearen beharra adieraztearekin batera.

Bukatzeko, segurtasunari dagokionez, arroila batera babes neurri guztiekin sartzeko jarraitu beharreko irizpide garrantzitsuak landuko ditugu, baita meteorologia eta hidrologiari buruzkoak ere.



2016/03/29

Multiabenturako argazkiak

Hona hemen Oron egindako Multiabentura jardueran ateratako argazkiak.

Egun oso politaz gozatzeko aukera izan genuen eta primeran pasa genuen gazte guztien artean.

Abentura eta kirolaz gure artean euskaraz eginez gozatzeko egun paregabea!.

Eskerrik asko guztiei!!!


2016/03/15

MULTIABENTURA ORO

DATA: Martxoak 20, igandea
TOKIA: Oro Andramariaren Santutegia (Murgia-Araba / Amurriotik 25 km.ra)
IRTEERA: 8:00
ITZULERA: 16:00
PREZIOA:
15,64 € - Amurrion erroldatutakoek
28,15 € - Erroldatu gabeek, beraien Udalek diru-laguntzarik eskaintzen ez badute

Deskribapena:
Partaideak 3 taldetan banatuko ditugu 3 jarduera ezberdin burutzeko, txandaka.

Eskalada: eskaladako materiala ezagutuko dugu; soka, arnesa, kaskoa, katu-oinak, magnesioa eta korapilo garrantzitsuenak.
Era berean, harkaitzean behar bezala eskalatzeko jakin beharreko kontzeptuak azalduko ditugu eta funtsezko mugimenduak landu.

Rapela: eskalatzeko eta rapelatzeko soken arteko ezberdintasunak aztertuko ditugu.
Rapelatzeko erabiltzen diren hainbat tresna ere erabiliko ditugu; 8a, saskia, Gri-gria, Stopa eta abar.
Hori guztia, segurtasun neurri zorrotzenak ezarrita, noski.

Oreka tailerra: oreka eta kontzentrazioa lantzeko hainbat tresna eta gailu erabiliko ditugu; Slackline-a, Rolla Bolla eta oreka taula desberdinak kasu.
Gailu bakoitzaren funtzioak eta horiekin lor ditzakegun mugimendu guztiak landuko ditugu.





2016/02/23

Lehengo jarduerako argazkiak

Hona hemen igandean Valdezcaray-n egindako jardueran ateratako argazkiak.

Egun  oso politaz gozatzeko aukera izan genuen eta primeran pasa genuen gazte guztien artean.

Eguzkia eta elurra lagun, kirolaz gure artean euskaraz eginez gozatzeko egun paregabea!.

Eskerrik asko guztiei!!!


2016/02/08

ESPELEOLOGIA IGUARAN KOBAZULOAN

DATA: Martxoak 6, igandea
TOKIA: Entzia mendilerroan (Opakua-Araba)
IRTEERA: 8:00
ITZULERA: 16:00
PREZIOA: 22,01€ - Amurrion erroldatutakoek

DESKRIBAPENA:

1. mailako espeleologia jarduera Iguaran kobazuloan.

Kobazulora sartu aurrez geologiari buruzko oinarrizko azalpenak emango ditugu; bestea beste, gaur egun ikusten ditugun mendiak edota bertako kobazuloak nola sortu ziren.

Barrura sartzerakoan, espeleologia zer den eta espeleologoak zer egiten duten azalduko dugu; kobazuloak nola aztertzen dituzten eta segurtasuna bermatzeko erabiltzen dituzten material teknikoen berri eman.

Kobazulo barruan topatuko ditugun galeriak zein egiturak aztertuko ditugu; nola sortzen diren, beraien kolore eta forma ezberdinak behatu, eta nola ez, altxor hori errespetatzeko zer egin behar dugun.

Leizezulotan bizi diren animaliak ere aztergai izango ditugu; Troglobioak (Saiak, hartzak, azkonarrak…), Trogloxenoak (tximeletak, armiarmak, ehunzangoak…) eta Troglofiloak (Diplodoak, miriapodoak, opilioia, pseudoeskorpioiak, proteoa) kasu. 

Eta bukatzeko, segurtasun kontuei dagokionez, kobazulo batera sartzeko hartu beharreko neurriak eta jarraitu beharreko irizpideak zeintzuk diren aipatuko dira.




JARDUERARI BURUZKO BESTE DATU INTERESGARRIAK:

Kobazulora iristeko bidea: 45 minutu oinez
Kobazulo barruko ibilbidea: 3 ordu (geldialdi eta azalpenekin)
Kobazulotik bueltako bidea: 30 minutu.
Ibilbidearen luzera: 6,6 km (joan- etorria)
Ibilbidearen desnibel positiboa: 110 m



2016/01/28

ELURRETAKO ERRAKETAK VALDEZCARAY


DATA: Otsailak 21, igandea
TOKIA: Valdezcaray eski estazioa (Amurriotik 118 km.ra)
IRTEERA: 8:00
ITZULERA: 16:00
PREZIOA:23,76 € - Amurrion erroldatutakoek44,00 € - Erroldatu gabeek, beraien Udalek diru-laguntzarik eskaintzen ez badute

DESKRIBAPENA:

6,5 km.ko ibilbide zirkularra egingo dugu Valdezcaray eski estazio (1.530-2.125 m.ko altuera) inguruan dagoen mendi batetik (700 metroko desnibela).

Elurretako erraketen erabilera azalduko da, oinetara nola egokitzen diren, zein desberdintasun dagoen leku lauetan edo aldapatsuetan ibiltzerakoan, elurraren egoera nolakoa den interpretatzen erakutsiko da, baita elurretan egiten diren jardueretan zein material erabili behar dugun (jantzi teknikoak) eta beharrezko den elikadura ere.

Jarduerak dirauen bitartean geldialdi txiki batzuk egingo dira, gai horiek guztiak ondo azaldu eta atsedenaldiak egiteko.







AZKEN ORDUKO ALDAKETAK


Kaixo guztioi!

Programako lehen irteera elur faltagatik atzeratzea erabaki dugu aukera ezberdinak aztertu ostean. OTSAILAREN 21ean egingo dugu irteera. Aldaketa honek ESPELEOLOGIA irteera astebetez atzeratzea ekarriko du (otsailaren 28an izan ordez martxoaren 5ean egingo da). Gainerako irteeretako datak bere horretan mantenduko dira.

Inguruabentura enpresakoak Valdezcaray eski estazioko arduradunekin harremanetan jarri dira eta igande honetan (urtarrilak 31) pistak irekiko dituztela erabaki dute. Berez 4 pista irekiko dituzte soilik, elurrik ez dagoelako, eta aukera bakarra horietan ibiltzea zen, baina eskiatzaile asko bertan ibiltzea aurreikusita dagoenez ez dira segurtasun eta gutxieneko kalitate baldintzak betetzen (Belaguan inguruan 60 zm zegoen tokian dena urtu da hego haizeak eraginda).

Izena eman duten partaide guztiei (Aresketa Ikastolako eta Zaraobe Institutuko ikasleak) aldaketa honen berri emango diegu, eta izena eman duten toki berean dirua berreskuratu ahal izango dute otsailaren 21ean ez badute joateko asmorik.

Informazio gehiago nahi izanez gero idatzi helbide elektroniko honetara gazteekin@inguruabentura.com edo deitu 635 748 947 zenbakira (Pumu).


Ondo izan eta mila esker!

AURKEZPENA

Amurrion, 12-16 urteko gazteen artean ere, euskararen ezagutza eta erabilera ondo pasatuz bultzatu eta norberaren euskararekiko konpromisoa areagotzeko.

Naturaz gozatu, kirola eta abenturaren zirrara bizi eta gazteen arteko harremanak lantzeko.

Anima zaitezte!!

EGITARAUA

Otsailak 21 - (08:00-16:00) 
Elurretako Erraketak - Valdezcaray (Errioxa)
Ibilbide zirkular gidatua elurretako erraketekin Valdezcaray eski estazio inguruan dagoen menditik.

Martxoak 6 - (08:00-16:00)
Espeleologia - Opakua (Araba)
1. mailako espeleologia jarduera Iguaran Kobazuloan.

Martxoak 20 - (08:00-16:00)
Mutiabentura - Oroko Santutegian (Araba)
Hiru jarduerako multiabentura Eskalada + Rapela + Oreka tailerra.

Apirilak 24 - (08:00-16:00)
Orientazioa +Autobabesa - Etxegoien Amurrio (Araba)
Amurriotik Etxegoienera oinez hurbilduko gara eta han bi jarduera desberdin burutuko ditugu.

Maiatzak 22 - (08:00-16:00)
Arroila Jaitsiera - Antoñana (Araba)
1. mailako jaitsiera zailtasun desberdinak zeharkatuz, rapelak, ur putzuak, txirristak...

Ekainak 26 - (09:00-15:00)
Kayak + BTT - Landa (Araba)
Talde erdia Landatik UIlibarrira Kayakean joango da eta beste taldea Mendiko bizikletaz, Ullibarrira heltzerakoan jarduera trukatu dute.

Irailak 17-18 (17-08:00/18-18:00)
Egonaldia Urbasan - Urbasako Kanpina (Nafarroa)
Bi eguneko egonaldian Rapela, Espeleologia, Eskalada eta beste jarduera batzuekin, partaideen guztien arteko elkarbizitza lantzen.

Urriak 23
- (09:00-15:00)
Mendi ibilaldia Urkiolan - Urkiola (Bizkaia)
Ibilbide zirkular errez bat Urkiolako mendiak eta paisaiak ezagutuz, historia, ohiturak eta mitologiari buruzko azalpenekin.

Azaroak 13 - (08:00-16:00)
Zubi Saltoa - Atxazpi – Ondarrua (Bizkaia)
20 metroko salto bat 40 metroko zubi batean, itsasoaren gainean.

Abenduak 18 - (08:00-16:00)
Mendiko Teknikak - Valdezcaray (Errioxa)
Elur ikerketa, ARVA, kranpoiak eta pioletaren erabilera ikasiko ditugu.